XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

FAMILIA SANTUA Berlineko Askatuen kontrako kritika gupidagabe bat izan zen elkarren arteko lanaren lehen ondorio eta fruitua: Familia Santua.

Hasiera batean, liburuxka soil bat izatekoa zen, Kritika kritikoaren kritika Bruno Bauer eta beronen kideen kontra izenarekin.

1844eko abuztua eta azaroa bitartean idatzia, inprentarakoan, Marxek izenburua aldarazi zion eta, Bauer anaiei erreferentzia eginez, Familia Santua izen ironikoaz kaleratu zuen, Kritika kritikoaren kritika azpitituluaren pean 1845eko otsailean (12). Berau da Marx eta Engelsen lehen liburu inprimatua; Frankfurten ikusi zuen argia 1845ean.

B. Baueren Literatur Kazeta Orokorra Berlineko hegelzale gazteen expresiobide nagusia zen.

Marx eta Engelsek, haien iritziak kritikatu eta aldrebesteaz gain, zenbait puntu desberdin jorratzen eta sakontzen dituzte izkribu honetan: Hegel eta honen ondoko filosofia, Proudhon, judu arazoa, sozialismoa, 1789ko Erreboluzioa, frantses materialismoa eta Eugene Sueren Pariseko misterioak elaberria.

44eko Eskuizkribuetako gogoetarik gehienak birraurkitzen dira Familia Santuan, zenbaitetan aurreraka eginez.

Proudhon defendituz, jabetza pribatuaren eta beronen kontrakoa den proletargoaren harremanak aztertzen dira.

Kontraesan honen baitan, jabe pribatua da alderdi gordetzaile edo kontserbatzailea, eta proletarioa alde suntsitzaile edo desegilea.

Lehenbizikoa, egoera mantentzen ahalegintzen da, kontradikzioa deuseztatzen, aldiz bigarrena.

Hegeldar kritika erreboluzioaren zerbitzuan ezarria da, hitzetatik eta espekulaziotik ekintza mailara pasatuz.

Bere gisa, ideiek ez dute ezer sortzen ez eraldatzen.

Ideiak eragileak izan daitezen, giza praktika behar da.

Feuerbachen paradigma humanistari jarraituz, historia gizakiak egiten duela gogorazten du Marxek.

Historia ez da jainkorik, historiak ez du bere kabuz deus egiten; ez du neurrigabeko ahalmenik.

Gizakia bera da histori-egile nagusia; baina ez gizaki bakartua, atomizatua, elkarrekiko harremanean, giza-artean bizi dena baizik.

Masek egiten dute historia.

44eko Eskuizkribuen komunismo azterketa filosofi mailakoa zen osoki.

Ez zen bertan langileen klase burrukaren aipamenik egiten.

Familia Santuan, ostera, eginbide explizitu eta konkretuagoa du proletargoak: (...).